Urte askotako isiltasunaren ondoren, Deierriko Haraneko Udala oraindik ere zorretan dago altxamendu faxistari aurre egin zioten lagunen senitartekoekin.
Izan ere, 1936. urtean, Deierri Harana giza zabortegi izugarria bihurtu zen. Memoria berreskuratzeko ekimenak egindako ikerketen arabera:
a) eskuindarrek ehun lagun inguru fusilatu eta lurperatu zituzten Haranean (hilotz horietako zenbait lurpetik aterata daude dagoeneko);
b) Haraneko 4 bizilagun erail zituzten matxinatuek; eta
c) beste 6 fusilatu egin zituzten, desertzioa leporatuta.
Hori kontuan hartuta, giza eskubideen aldeko jarrera omen duen erakunde orok ezinbesteko betebehar ditu gertaera horiek argitzen laguntzea, justizia eskatzea eta Deierrin eta Nafarroa osoan izan ziren genozidioen biktimei dagokien erreparazioa ematea; izan ere, Nafarroako biztanleen ehuneko bat fusilatu egin zuten.
Hortaz, justizia egin eta erreparazioa gauzatze aldera, gure ustez beharrezkoa da ikerketa martxan jartzea, hilotzak lurpetik atera eta identifikatzea, eta, hala eskatzen den kasuetan, jatorrizko tokietan lurperatzea, betiere senitartekoei inolako kosturik sorrarazi gabe.
Hortaz, Deierri Hareneko Udalbatzari honako ESKAERA hau aurkezten diogu:
- Haranean oraindik lurperatuta dauden hilotzak ikertu eta lurpetik ateratzea, bai eta, jatorriz Haranekoak izaki, beste toki batzuetan fusilatu zituzten lagunen hilotzak ere;
- identifikatzeko azterketa zehatzak egitea;
- Haranean dauden hobi komunen mapa egitea; eta
- hilotzak jatorrizko tokietan lurperatzea, senitartekoek hala eskatzen badute.
Horretarako, Udalak, egoki iritziz gero, Nafarroako Gobernuari eskatuko dio aipatutako lanei ekiteko, edo horietako zenbaitzuei, behinik behin. Beharrezkoa balitz, Nafarroako Gobernuak, aurretik, Estatuko Administrazioarekin hitzarmen bat egingo du, beste autonomia- erkidego batzuetan egin den moduan.
Aipatutako administrazioen laguntzari uko egin gabe, eta Nafarroako Gobernuak ezezko erantzuna emanda ere, Udalari eskatzen diogu berma dezala hilotzak lurpetik atera, identifikatu eta berriz ehortziko dituela, senitartekoei inolako kosturik sorrarazi gabe.
Eskaera honen sostengu gisa, memoria berreskuratzeko ekimen-taldeak egindako lana aurkezten dugu idazki honekin batera. Bertan, hilotz-kopuruari eta horien kokalekuari buruz egindako hastapen-ikerketa azaltzen da.
Azkenik, prest gaude adierazitako helburuak hobeki betetzen laguntzeko, Udalak hala eskatzen badigu.
viernes, 2 de abril de 2010
Udalean aurkeztuko den mozioa
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario