miércoles, 12 de mayo de 2010

Deierri 1936 liburua salgai 10 eurotan

Hortxe, linka sakatuz, liburuaren azala eta Ibirikuko ahaztuen oroimena abestia (azido folkloriko taldearena)

http://www.youtube.com/watch?v=p3A08v7ySo8

1936ko altxamenduaren ondorioz, Deierri Harana ezkerreko militanteentzako hilerri zabala bihurtu zen. Nafar militanteak ziren, Haranaren inguruko udalerrietakoak nahiz urrutiagokoak. Horiek ez ezik, Haraneko bertako hainbat bizilagun ere kolpisten errepresioaren jomuga izan ziren.

Altxamenduaren aldekoek Nafarroan eragindako errepresioa jaso duten liburuen artean, bada bat nabarmendu beharrekoa: Navarra 1936, de la esperanza al terror (Altaffaylla Kultura Taldea). Izan ere, iturri ugari kontsultatu ziren lan hori egiteko, eta zehaztasun handiz idatzita dago.

Eskuartean duzun lanak liburu hori izan du informazio-iturri nagusitzat, bai eta horren aurretik eta ondoren argitaratutako beste lan batzuk ere. Horietan bildutakoa, sekula argitaratu gabeko testigantzen bidez osatu nahi izan dugu hemen, betiere, Deierrin izandako eta bertako biztanleek pairatutako errepresio-gertaerak ardatz hartuta. Bestalde, jakina denez, Deierri Haraneko zabalera geografikoa aldatu egin da urteetan zehar. Lan honetan, hala ere, egun udalerria osatzen duten lurralde eta biztanle-guneez gain, Lezaun eta Abartzuza ere Haraneko herritzat hartu ditugu.

Behin lan honen lurralde-eremua −Deierri− eta helburua −altxamendu faxista− zehaztuta, ezinbestekoa dugu Jesús Lezaun aipatzea. Haren legatua −zati handi bat Altaffaylla Kultura Taldearen artxibategian dago− eta hil baino egun batzuk lehenago ekimen honetako partaideoi eman zigun testigantza jasota geratu dira lan honetan. Izan ere, Haranaren historia beltzaren atal hau argitzeko ekarpen eskuzabala egin zuen, eta hori aitortu eta eskertu nahi izan dugu lan honen bidez.

Era berean, Haraneko bizilagunen testigantza ere jaso dugu, haurtzaroan altxamenduaren ondorioak pairatu zituztenen ahotik; izuaren izuaz, horrelako informazioa isilpean gorde izan dute orain arte, edo, gehienez ere, arlo pribatuan bakarrik aipatu izan dute. Horretaz gain, azken urteotan, hedabideek, «demokrata»-mozorroa jantzitako politikariek eta zenbait historialarik desinformazioa eta desitxuratzea bultzatu dute gai horren inguruan. Horren guztiaren eraginez, Deierri Haranean galtzen hasia zegoen faxismoak bertan egindako basakerien inguruko kontzientzia historikoa.

Altxamendutik zazpi hamarkada baino gehiago igaro dira dagoeneko, baina Haranean berriz ere entzuten dira eraildako bertako bizilagun haien garrasiak eta fusilatutako guztien oihu lazgarriak. Justizia-eske ari dira, ahaztuak izateko beldurrez, ahanztura baita galtzaileei ezartzen zaien zigorra.

Urteak isilpean sufritzen eman ondoren, bada garaia hildako haien deiadarrak entzuten hasteko; bada tenorea Deierri Haranean izandako errepresio bortitz hura gogora ekartzeko. Hala uste dugu Haraneko bizilagun fusilatuen senideek eta Deierri 1936 ekimenaren gainerako sustatzaileek. Aurrera begiratu nahi dugu, bai, baina, aurretik, gertaera haiek gogoan hartu eta hausnartu behar dugu, zazpi hamarkada geroago bada ere.

Ez dugu mendekurik nahi, egia ezagutzea baita gure helburua. Eta, gainera, irmo eskatzen dugu biktimei omenaldia egiteko eta, ahal den neurrian, egindako kaltearen ordaina emateko, bai eta frankismoaren arrasto oro desagerrarazteko ere, ordenamendu juridiko-politikotik hasita, zati batean frankismotik jaso baitugu eta beraren babespean sortu baitzen.

Zor hori kitatu beharra daukagu bai kolpistek fusilatutako Haraneko bizilagunekin, bai eta, ezkerreko balioen defentsan izan zuten militantzia politikoa zela-eta, Harenean basatiki hil zituzten nafar guztiekin ere. Halaber, egungo egoera ulertzeko eta denon artean etorkizun bidezkoago bat eraikitzeko, ezinbestekoa da gure historia hurbileko gertaera haiek gogora ekartzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario