http://www.timetape.com/default.aspx?tag=Oroimena&v=ZATcp6h4uTI&title=Hitzaldia%201936
Pasa den maiatzaren 29an, Deierrin fusilatutakoen omenezko jardunaldian berrehun lagun bildu ziren eta, ekainaren 4an, Haranean fusilatutakoen omenezko kontzertuan, mila lagunetik gora. Bi ekitaldiak Ibirikun izan ziren, eta biak ere herri-ekimenez antolatu ziren, hedabide gehienen babesik gabe eta Memoria Berreskuratzeko-Deierri 1936 Ekimenak finantzatuta oso-osorik. Ikuspuntu kuantitatibotik, ondorio garbia atera daiteke: Deierriko historian ez da inoiz ere izan hain ekitaldi jendetsurik, gure udal ordezkariek sustatukoak barne, nahiz eta eurek hedabideen babes nabarmena izan eta den-dena diru publiko bidez ordaindu.
Ez dago dudarik, ekitaldi horiek kolpe gogorra izan dira “memoria”ren aurkakoentzat. Horien artean, Diario de Navarra dago, bere iraganari uko egin beharrean, egindako lotsagabekeriak ezkutatzen tematzen den egunkaria (esaterako, Nafarroan izandako genozidioaren ondotik, lehen orrian “Viva España, Viva Franco” izenburu nagusia idatzi zutenekoa). Oraingoan ere, egunkari horrek ez du inolako berririk eman Deierrin inoiz izan den ekitaldi jendetsuenaren gainean; era berean, aurreko urteetan ez bezala, aurten boikot nabarmena egin dio egunkari horrek Haraneko Jaiaren ospakizunari; agian, hala egitea erabaki dute, Deierri 1936 Ekimenaren zenbait kidek Hareneko Jaiaren antolakuntzan parte hartu zutelako eta/edo omenaldia eta jaia herri berean egin zirelako –nahiz eta egun desberdinetan izan. Egunkari horrek kazetaritzan aplikatzen duen kode deontologiko bitxiaren adierazgarri garbia da jokabide hori.
Nonbait, kode bera aplikatzen du Ekimeneko kide bat elkarrizketatu zuen irratiak; izan ere, arazo teknikoak argudiatuta, elkarrizketa horren zati bat moztu zuen; hain zuzen ere, zati horretan, frankismoaren aztarnak eta egun ezarrita dagoen inpunitate-sistema salatu egiten ziren, horiexek baitira indarrean dagoen ordenamendu juridiko eta politikoaren oinarria.
Halako hedabideen jokabide negargarria, ordea, laguntza handikoa izan da udal ordezkarientzat; izan ere, ordezkari horiek ez dute inolako asmorik Deierrin izandako gertaerak erabat argitzeko: faxistek gutxienez 78 lagun eta Haraneko beste 10 bizilagun exekutatuta erail zituzten, Deierri 1936 Ekimenak osatutako zerrendaren arabera. Alde horretatik, gogora ekarri beharra dago Deierriko Udalak (UPN-PSOE) ezezkoa eman ziola honako bi proposamen hauek planteatzen zituen mozioari: batetik, Nafarroako Gobernuari eskatzea Ministerioarekin hitzarmen bat izenpetu zezala hobi-mapa bat egite aldera; bestetik, subsidiarioki, Udalak hobi-mapa hori egiteko ardura bere gain hartzea Haranaren lurralde-eremuan. Mozio horri ezezkoa emanda, Memoriari buruzko Legearen 12.2 artikulua urratzeaz gain, barregarri geratu ziren udal-ordezkari horiek, geroxeago, Nafarroako Parlamentuak onartu baitzuen, PSOE eta UPNko alderdikideen aldeko botoarekin, aipatutako hitzarmena izenpetzea eta Ekimenak eskatutako hobi-mapa egitea.
Aipatutako hedabideen desinformazio-kanpaina eta mozioaren aurkakoen jarrera gutxi balira, Deierriko Udalak beste ekimen bat sustatu du sutsuki, karlismoaren ingurukoa, betiere Memoria Berreskuratzeko Ekimenarekin norgehiagokan ulertuta. Diario de Navarran argitaratutakoaren arabera, karlismoaren inguruko ekimenak 16.000 euroko laguntza jaso du diru publikotik (beste iturri batzuen arabera, zenbateko hori askoz ere handiagoa da); Deierriko Udalak ez ezik, Asociación Turística Tierras de Iranzu delakoak eta Nafarroako Gobernuak ere jarri dute diru hori. Ekimen horrek sustatuta,“La Batalla de Lacar” izeneko liburua argitaratu da, noiz eta “Deierri 1936” argitalpena kaleratu behar zen egunetan; liburu horren hitzaurrea Victor Arbeloak (PSOE) idatzitakoa da; horrez gain, Haraneko Jaia dela-eta larunbatean egindako afarira eta igandeko bazkarira bertaratu zirenei doan eman zieten liburu horren ale bana. Gertakari horiek guztiek argi erakusten dute karlismoaren inguruko ekimena, Memoria Berreskuratzeko Ekimenaren aurka egiteko erabiltzen dutela. “Memoria”ren aurkakoek sustatutako norgehiagoka horretan, berriro ere nabarmendu beharra dago Diario de Navarra egunkariaren eginkizuna: alde batetik, ez du inolako informaziorik eman Deierri 1936 Ekimenaren gainean; karlismoaren inguruko ekimenari, aldiz, tarte zabala eskaini dio eta ekimen horrek lortutako emaitzak goratu egin ditu inolako zorroztasun informatiborik gabe, eta zorroztasuna da hedabide orok erakutsi beharko lukeen ezaugarria.
Esan gabe doa, ekimen hori erabiltzea memoria berreskuratzearen kontra egiteko, erabat salatzekoa da, eta, gainera, azpimarratu beharra dago Deierri 1936 Ekimenak ez daukala inolako interesik norgehiagoka horretan; aitzitik, Ekimenetik argi utzi nahi dugu karlismoaren inguruko ekimena interesgarria iruditzen zaigula oso. Izan ere, nekez uler daiteke altxamenduaren garaian Haranean gertatu zena, karlismoaren filosofia politiko eta ideologikoan sakondu gabe.
Karlismoak Deierrin nolako eragina izan zuen argitze aldera, lehenago aipatutako omenaldi-jardunaldian hizlarietako batek salatu egin zuen Concha jeneralaren omenez eraikitako monumentu iraingarriak zutik dirauela Abartzuzako herritik metro gutxira, eta sasiek betiko estaliko zuten desira adierazi zuen. Handik minutu gutxira, baten batek sasiak kendu eta, era horretan, Espainiako militar ospetsuenaren memoria ere garbitu egin zuen. Ebro ibaia zeharkatuta, Lodosa parean, honako hau adierazi zuen militar harek: “Nafarroak gerra nahi du eta izango du; baina ez orain arte ezagutu duen gerra, benetakoa baizik; eta gerra horren ondorioz, Lodosako eta antzerako herrietako bizilagunak Espainiarekin bakean bizitzera derrigortuko ditugu, edo, bestela, mendira jo behar dute babes bila, eta han euren defendatzaile eta laguntzaileekin elkartu”. Ondoren, mehatxuka, foruak indargabetu eta kontribuzioak handituko zituela adierazi, eta honako hau erantsi zuen: “zuen semeak soldadutzara joatera behartuko ditut, euren betebeharrak konplitu ditzaten espainiar prestuen modura (…) Gerra laburra izango da, benetan diotsuet, baina behar den modukoa”.
Esandakoaren haritik, karlismoaren inguruko ekimeneko kideak adoretu nahi ditugu, hasitako bidean aurrera segi dezaten; testuingurua ahaztu gabe, mugimendu politiko horren printzipio nagusietan –hau da, foruen defentsan– sakondu eta karlismoaren ibilbidea ikertu dezaten hastapenetatik Jurramendiko gertaeretara, non zenbait politikari frankistek –gerora “demokrata” mozorroa jantziko zutenek– eta botere faktikoek erantzukizun larria izan zuten. (http://es.wikipedia.org/wiki/Sucesos_de_Montejurra)
Egun, botere faktiko horiek eta zerbitzu sekretuek jarraitu egiten dute beldurra zabaltzen, bidezko ekimenak zikintzen eta gure artean tirabirak sorrarazten, eta horretarako, gizarte-mugimenduetan, blogetan eta posta elektronikoetan infiltratzen dira, gure Ekimenak salatu duenez. Memoria berreskuratzeko lana desitxuratze aldera, Deierri 1936 Ekimenak antolatutako ekitaldiak kritikatu egiten dituzte, oportunismoa leporatuta –gure ekitaldiak Haraneko Jaia ospatu baino egun gutxi batzuk lehenago egin zirela argudiatzen dute–. Horren haritik, gogora ekarri genezake, Arizaletan, Haraneko Jaia egin zenean, apaiz baten omenez plaka bat jarri zela, edo Azkonako Haraneko Jaian gurutze-erakusketa egin zela. Bi ekitaldi horiek kutsu ideologiko nabarmena zuten, ez ziren lehenago egin, Haraneko Jaiaren egunetan euretan baizik, eta aurrekontu publikotik ordaindu ziren. Hala ere, horrek ez zuen inolako kritikarik ekarri, orain jai integratzailearen ustezko defendatzaile omen diren horien aldetik.
Nolanahi ere, hedabideek, erakundeek eta botere faktikoek fusilatuen memoriaren gainean botatako “lur-palakada” horiei aurre egin die Deierri 1936 Ekimenak, eta apaltasunez esan dezake historia egin duela. Herri-ekimen horrek altruismoz eta. konpromisoz jardun du memoria berreskuratzeko zereginean, eta ezarritako isiltasuna hausteko lehen harria jarri du, hainbeste sufritu duten biktimei omenaldia eginda. Faxistek hil zituzten Haraneko bizilagunekin zorretan geunden, bai eta Nafarroako beste udalerri batzuetako dozenaka herritarrekin ere, horiek ere hil baitzituzten Deierrin, ezkerreko balioen defentsan izan zuten militantzia politikoagatik.
Eskerrak eman nahi dizkizuegu Ekimenari lagundu diozuen guztioi, testigantzak grabatzen, liburua argitara ematen, dokumentala muntatzen eta omenaldi-jardunaldia eta kontzertua antolatzen eta prestatzen. Eskerrik asko, barretan lan eginda ekitaldi horiek finantzatzen lagundu duzuen guztioi. Eskerrik asko, Ekimeneko kideok etengabe jaso ditugun laguntza- eta elkartasun-adierazpenengatik. Eskerrik asko, bihotz-bihotzez hau guztia posible egin duzuen guztioi, eta eutsi borrokari, txosten ofizialik ez duten atzoko eta gaurko eskubide-urraketak salatuz!
DEIERRI 1936- MEMORIA BERRESKURATZEKO EKIMENA
No hay comentarios:
Publicar un comentario